Britannica entziklopedia doan?

Horixe izan genuen albiste duela hilabete inguru TechCrunchen bidez, “profesionalek” egindako entziklopediarik handiena den Britannicako edukiak ikusteko aukera izango zuela blogari den orok. Badirudi Wikipediaren arrakastak bultzatu dituela erabaki hau hartzera. Hori ikusi nuenean, entziklopediaren webgunera jo eta izen ematea erabaki nuen, aztertzeko batez ere, “ea Wikipediarekiko balio erantsirik eskaintzen didan”, pentsatu nuen. Hori bai, urtebeterako baino ez da doan, baina probatu behar.

Eta gaur jaso dut erabiltzaile kontu bat sortzeko gonbitea. Saioa hasi, eta zerbait bilatzen hastea pentsatu dut, ea zer aurkitzen dudan. ‘Arrasate’ bilatu dut, ea zerbait datorren; ez ba… ‘Mondragón’ agian? Ezta ere! Ea ba, ‘Donostia’ egongo da, behintzat… hori bai, badago, baina 3 paragrafo (277 hitz) eta udaletxearen argazki ziztrin bat baino ez. Gutxi… eta euskarazko Wikipedian dugun Donostia artikuluarekin edo ingelesezkoarekin alderatuz are gutxiago… hura askoz laburragoa da, eta ingelesez baino ez dago, Wikipedian 40 hizkuntza baino gehiagotan, eta eduki askea gainera :-)

Ondo da… beste artikulu bati aukera emango diot, ea hobea den. Donostiako artikulutik ‘Basque Country’ jartzen duen loturan klik egin, eta hara! Basque Country Frantziako departamendu den Pirinio Atlantikoetako eskualde kulturala dela dio… eta Donostia hor omen dago. ‘Basque Country’ bilatzailean ipiniz gero zera topatu dut:

  • Basque Country (region, Spain), Euskal Autonomia Erkidegoarentzako, 667 hitz, argazki bakarra (Piriniotakoa, aupa hi!)
  • Basque Country (region, France), Ipar Euskal Herriarentzako, 289 hitz, argazkirik ez

Ipar Euskal Herria, Euskal Autonomia Erkidegoa… eta Euskal Herria ez? Wikipedian 30 hizkuntza baino gehiagotan dago ba…

Tira, adibideak baino ez dira, baina nekatu naiz, Wikipedia erabiltzen eta elikatzen jarraituko dut, zalantzarik gabe. Britannicak askoz informazio gutxiago ematen du, akats mordoarekin (nor da Wikipedia “ezjakinek” egiten dutelako akatsez kexu?), eta ematen dituen argazkiak oso txarrak dira (gehienez 600 pixeleko zabalera). Horrez gain, eduki guztia itxia da, ezin dut erabili edo aldatu. Zein abantaila eskaintzen du ba?

Euskarazko Wikipediak 25.000 artikulu

Euskarazko Wikipediak, sarean den euskal entziklopedia aske handienak, 25.000 artikuluen muga gainditu du. Wikipedia entziklopedia eleanitza da, eduki askeduna eta dohainekoa, edonork eraiki eta ekarpenak egiteko aukera ematen duena.

Euskarazko Wikipediak 25.000 artikulu

Muga gainditu duen 25.000 artikulua Euskal Herriak Bere Eskola izan da. Aurrekoa, Finlandiako Maunu herriaren ingurukoa izan da, eta 25.001.a Sunset Boulevard filmaren ingurukoa.

Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortzea, gainbegiratzea edota zuzentzea. Komunitate horren partaideei «wikilari» edota «lankide» deritze. Ez dago artikuluak berrikusten dituen lantalde profesionalik, wikilarien eskuetan geratzen da dena. Ez dago agintzen duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen baitira, ahal den adostasun handiena bilatuta betiere.

Proiektu asko sortu izan dira historian zehar Euskal Herrian auzolanaren bidez. Ez dugu inolako dirurik edo ondasun materialik jasotzen eginiko lanagatik. Hala ere, ikasten den guztia, gisa honetako proiektu baten partaide izatea edota Argia Sarien bitartez izandako aitorpena, hori dena ordainezina da.

Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez, beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan eta aske banatzeko sortu genuen proiektua. Horretan sinesten dugu: internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo behar izan gabe.

Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena.

Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean, euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan, sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia; denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako sorturiko edukia biltzen duena.

Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira. Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea, senidea… izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta sustatzaile.

Gotzon Egia, Mikel Iturbe eta Arkaitz Zubiaga

Euskadi Gazteak Sorkunen single berria baztertu du

Ezaguna da jada albistea euskal blogosferan. Berriak Sorkuni egindako elkarrizketaren berri jakin nuen Zabaldu.com-en bitartez; abeslari errenteriarrak bertan azaltzen duenez, Euskadi Gazteak ez du bere single berria irratirako onartu gogorregia delako! Albistea zabaldu bezain laster, beraien ekarpena ere egin dute Gaztelumendik eta Teketenek, besteak beste, bideoklipa zabalduz.

Euskadi Gaztearen zentsura honi gaitzespena erakutsi eta jendeak gertatzen dena jakin dezan, bideoa zein kantua lau haizetara zabaltzea da orain guri tokatzen zaiguna. Goiz zen izena du Sorkunen kantu berriak, niri behintzat gustatu zait; Sorkunen Myspace gunetik ekarrita, hementxe dago ikusgai:

Eguneraketa: Badirudi Euskadi Gazteak jarreraz aldatu duela, eta bideoklipa ikusteko lotura webguneko azalean jarri dute orain. Sarean zabaltzen hasi dela ikustean atzera egin al dute? Hurrengoan birritan pentsatu ;-)

CAF-Elhuyar sariak banatu dira / Generic Cialis

Joan den otsailaren 29an, ostiralarekin, CAF-Elhuyar zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako artikuluen XIV. edizioaren sariak banatu ziren Elhuyar fundazioaren egoitzan. Urtero saritzen diren dibulgazio-artikuluei dagozkien hiru sari nagusiez eta gazteentzako sari bereziaz gain, dibulgazio-liburu bat idazteko saria ere eman da:

  • Artikuluen atalean, lehenengo saria Etxetresnek gustukoago dute jazza jotzea sinfonia jotzea baino lanarentzat izan da. Egilea nire adiskide eta blogeko kide den Aitor Urbieta Artetxe debarra izan da. Artikuluan Mikel eta Aneren bizimodua kontatzen da; lehenengo, adimenik gabeko etxe batean eta, gero, bizimodu hori bera etxe adimendun batean. Etxe horretan, gailuek, elkarren artean koordinatuta eta batzuek besteekin komunikatuta, gure eguneroko nahiak eta beharrak era automatikoan beteko dituzte. Hala, lehen erabiltzaileak eskuz egiten zuena (gailuen sinfonia, erabiltzailea zuzendari gisa) orain gailuek era automatikoan egingo dute (gailuen arteko jazza).
  • Bigarren saria Jon Azkargorta Aretxabala fisikari algortarrak jaso zuen, Ilargiaren alde ezkutua lanarekin. Lan horretan, Lurraren eta Ilargiaren arteko harremanaz hitz egiten du Azkargortak, harreman horren ezaugarriez, edo, nahi izanez gero, berezitasunez.
  • Hirugarren saria Egur hila, erreka bizia izenburupean aurkeztutako lanarentzat izan zen. Egilea Lide Aristegi Urkia da, beasaindarra eta biologoa. Mendiko egur hilak eta erreketan bustita dagoenak duten garrantzi ekologikoaz dihardu artikulu honetan Aristegik.
  • Dibulgazio-liburuaren saria Javier Navarro Los Arcos kimikari iruindarrak irabazi zuen Fisika eta metafisika izenburua duen proiektuarengatik. Egileak denbora eta espazioa erabiltzen ditu, fisika alegia, gure natura ulertzeko.
  • Gazteentzako sari berezia Xabier Artaetxebarria Artieda telekomunikazio-ingeniari donostiarrak jaso du. Ordenagailu bidezko diagnosia: ordenagailuak mediku? lanari esker.

Sari-banaketaren ondoren, Begoña Arrate Larrañagaren “Biziaren sarea ehuntzen” liburua aurkeztu zuen. Begoña Arratek duela bi urte eskuratu zuen dibulgazio-liburua idazteko saria CAF-Elhuyar sarietan; proiektu hark jada argia ikusi du, eta izenburu bereko liburua bihurtuz.

Artikuluak Elhuyar aldizkariaren apirileko alean publikatuko dira eta baita ere CAF-Elhuyar sarien atarian.

Mutilmediako kideen partetik, zorionik beroenak Aitorrentzat! Bejondeizula!

CAF-Elhuyar sarietako irabazleak

Mintegia Madrilen: Informazioa eskuratzearen oinarriak eta joerak

Informazioa eskuratzea: oinarriak eta joerak (Recuperación de información: principios y tendencias) izeneko mintegia aurkeztu du Madrilgo Complutense Unibertsitateak datorren martxoaren 4 eta 5erako. Unibertsitate honetako Dokumentazio Zientzien Fakultatean izango da, eta informazioa eskuratzearen eta lengoaia naturalen prozesamenduaren inguruko hitzaldi ezberdinak eta mahai-inguru bat izango dira bertan, bi egun horietan zehar. Hona hemen programa:

Martxoaren 4a:

  • 10:00 - Aurkezpena
  • 10:30 - Minería Web: La sabiduría de la gente (Ricardo Baeza-Yates, Yahoo! Research Barcelona)
  • 12:00 - Atsedena
  • 12:30 - Introducción a los modelos clásicos de recuperación de información (Fidel Cacheda Seijo, Universidade da Coruña)
  • 14:00 - Bazkaria
  • 15:30 - Los sistemas de explotación y recuperación de la información en la red de bibliotecas de la obra social de Caja Madrid (Carmina Núñez Cañas, Obra Social Caja Madrid)
  • 16:00 - El modelo probabilístico: características y modelos derivados (Jesús Vilares Ferro, Universidade da Coruña)
  • 17:30 - Atsedena
  • 18:00 - El modelo vectorial: características y aplicaciones (Carlos García Figuerola, Universidad de Salamanca)

Martxoaren 5a:

  • 10:30 - Aplicaciones del análisis de enlaces a la recuperación de información y la web (Carlos Castillo Ocaranza, Yahoo! Research Barcelona)
  • 12:00 - Atsedena
  • 12:30 - Information Retrieval & Business (Theo Huibers, University of Twente)
  • 14:00 - Bazkaria
  • 16:00 - Recuperación de información y evaluación de los sistemas (Felisa Verdejo Maíllo, UNED)
  • 17:30 - Atsedena
  • 18:00 - Mahai-ingurua

    • Fidel Cacheda (Universidade da Coruña)
    • Jesús Vilares Ferro (Universidade da Coruña)
    • Juan Manuel Fernández Luna (Universidad de Granada)
    • Felisa Verdejo (UNED)
    • Carlos García Figuerola (Universidad de Salamanca)
    • Manuel Vilares Ferro (Universidade de Vigo)
  • 19:00 - Taking IR research into context (Peter Ingwersen, Danmarks Biblioteksskole)
  • 20:30 - Amaiera

Ez diote berezko gune edo orrialde bat esleitu mintegi honi, baina informazio guztia fakultatearen webgunetik eskura daiteke.

5 urte Egunkaria gabe

Gaur, 2008ko otsailaren 20a, Euskaldunon Egunkaria itxi zenetik 5 urte bete diren honetan, auziaren itxiera eskatzen darraigu. Noiz arte? Egunkaria libre!

Egunkaria libre!

Esku bakarrez idatzitako hitzak

Microsiervosen bitartez iritsi naiz One handed words izeneko blog sarrera batera. Bertan, QWERTY teklatu batean ohiko mekanografiarako eran oinarrituz esku bakarrarekin idatz daitezkeen gaztelaniazko hitzen lehiaketa egin dute. Iruzkinetako batean proposatu dute orain arteko luzeena: extraterrestre. Ez da batere txarra, 14 letra ditu hitz honek, eta konturatzen bazarete ezkerreko eskuarekin idazten dira letra guztiak.

Beste erronka bat proposatzen dizuet nik orain; lehiaketa hauxe bera baina euskaraz, ea gu ere 14 letrara iristen garen! zein da esku bakarra erabiliz bururatzen zaizuen euskarazko hitz luzeena?

Hortxe doa nire proposamena: erbesteratze.

Esan BAI software libreari!

Eusko Jaurlaritzak erakutsitako jarreraren aurrean, Mutilmedia blogetik software librerari BAIETZ esaten diogu!

Bai Software libreari!

Eta zuk?

Sareko Argia 2008 euskarazko Wikipediarentzat

Aurreko ostiralean banatu ziren Argia Sariak Lasarte-Orian, eta gehienok jakingo duzuenez aurtengo Sareko Argia euskarazko Wikipediarentzat izan da. Sari honek euskal komunitatearen lana berresten du, eta nola ez, inongo irabazi zuzenik ez duen mota honetako proiektu batek saria jasotzea eskertzekoa da, zalantzarik gabe. Ezinbestekoa bihurtu zaigu gaur egun Wikipedia sarean aritzen garenoi, eta bide horretatik, euskara eta Euskal Herria Interneten sendotu izana baloratu du Argia astekariak.

Sareko Argia 2008

Mila esker euskarazko Wikipedia saritu izanagatik, eta zorionik beroenak bertan parte hartzen duzuen lankide guztiei. Gero eta gehiago gara jakintza askea sortzen dihardugunak, eta espero dut sari honek aurrera egin eta jende berria erakartzeko balio diezagula! Bejondeizuela!

Iritsi da Search Wikia

Alpha moduan bada ere, gaur eman du argitara Jimmy Walesek bere azken proiektua, zeresan handia emango duena, zalantzarik gabe. Munduko entziklopedia erraldoienaren sortzaileak web bilatzaile baten proiektuari eman dio hasiera oraingoan. Azken hilabeteotan posta-zerrenda baten bitartez talde txikian antolatzen joan dena, gaurkoan ireki da publikoki.

Web bilatzaile hau jendeak lagundutakoa izango da. Eta askok galdetuko duzue, baina nola? Web bilatzaile batek sareko web orrialde guztiak (edo ahal dituen gehienak) arakatu, eta bere emaitzen artean erakusteko sarritan eguneratu behar izaten ditu, emaitza zaharkituak ez erakusteko. Horretarako, sortzen diren web orrialde (eta webgune) berriak deskubritzen joan, eta lehendik existitzen direnak eguneratu behar ditu web bilatzaile baten crawlerrak, eta hori informazio jario izugarria da. Honenbestez, 1000 zerbitzari erosi dituzte indexaziorako jada (ez dira asko, Googlek eta Yahook dituztenekin alderatuz), eta horrez gain jendea izango da bakoitzak bere ordenagailuan programatxo bat instalatuz sarea arakatzen lagunduko duena, konputazio banatua baliatuz. Horrez gain, Adversarial Information Retrieval moduan ezagutzen dena (spam, splog, eta antzeko webguneak saihestea, alegia), jendearen esku utzi nahi du, modu demokratikoan webgune ezegokiak baztertu ahal izateko. Eta jendeak parte hartzeko modu ugari egongo dira, poliki-poliki ezagutzen joango garenak.

Eta zer eskainiko dio proiektu honek jendeari, bilatzaile arruntek ematen dutenaz gain? Hasteko, bilatzailearen kodea irekia izango da, software libre bezala argitaratuko baitute, eta gainera, jendeak sustatuko bilatzaile honek arakatutako guztia API baten bitartez erabilgarri egongo da; bilatzaileen munduan lan egiten dugunontzako itzela izan daiteke beraz!

Eta jendea, nola ez, hasi da erantzuten: proiektua argitaratu bezain laster badugu Firefoxerako plugina ere :-)

Eta aurreragorako, Jimmy Walesek behin baino gehiagotan esan du eleaniztasunari garrantzi handia eman nahi diola, eta honenbestez, ziurrenik euskarazko bilaketak ere egin ahal izango direla, eta batek daki, agian hizkuntzarteko bilaketak ere bai? Poliki-poliki, baina urruti iritsiko delakoan nago…

Laster gehiago, momentuz anima zaitez Search Wikia probatzera! On egin!

aurrekoak »